lunes, 24 de marzo de 2008

EMAKUME GAZTE FEMINISTAK

Apirilean antolatuko diren EUSKAL HERRIKO IV. JARDUNALDI FEMINISTEN inguruan, beste ekimen bat hasi genuen martxan EH-ko hainbat eragile gaztek.
Bertan talde eta eragile ezberdinak bildu gara, batzuk feministak (Bilgune Feminista, Herne) eta bestetik gazte eragileak diren taldeetako emakumeak (IA, Segi, Gazte Asanbladak, edo Gaztetxeak), eta azkenean aurrera aterako da erreflexioa eta gogoeta helburu duen ekimena. Batetik, emakume gazteak haiek jasaten duten egoeraz ohartaraztea da eta bestetik ondorio batzuk ateratzea honi aurre egiteko.

Beraz anima zaitezte, web gunea bisitatu eta izen eman!!!

Hau da aurrera atera dugun testu bateratua:

Egungo gazte belaunaldiok, berdintasun faltsuaren diskurtsopean hezi gaituzte. Emakumeen eskubideen aitortza formalak, emakumeak lan mundura eta hezkuntza sistemara sartzea, ideia feministen azaleko eraginak… guzti honek eszenatokiaren dekoratuan aldaketa txikiak eragin ditu, baina zapalkuntza integrala jasaten jarraitzen dugu. Instituzioek helarazten diguten gezurrezko parekidetasunaren diskurtsoaren eraginez, ez diogu diskriminazioari dagokion garrantzia ematen. Gazteak kontserbadoreak izatera bultzatzen gaituzte. Honen aurrean, gainera, sistema kapitalista patriarkarrak bere oinarriak ezkutuan mantendu eta zapalkuntza forma berriak garatu ditu eta orain zapalkuntza modu sotilagoak erabiltzen ditu. Ustezko parekidetasun horren seme-alabak garenok, gazteok, ikusten al dugu benetan zapalkuntza hau? Zapalkuntza honi aurre egiteko premiaz jabetzen al gara?


Berdintasun formalaren aurrean errealitatea oso bestelakoa da! Emakume gazteok bizitzaren eremu guztietan zapalkuntza eta diskriminazioa jasaten dugu! Ez daukagu gure eskubideak garatzeko askatasunik!

Hezkuntza formalean zein ez-formalean, sexuaren arabera egokitu zaizkigun rol eta paperak transmititzen dizkigute, historikoki gizonenak izan diren balioak gailentzen direlarik. Ukatua zaigu garapen integralerako eskubidea! Eremu pribatuan aritzeko gaitasunak garatu eta zapalduak izatera kondenaturik gaude, konsziente izan gabe!

Hezkuntza prozesuan familia eta eskola badira ere zutabe nagusiak, komunikabideek berebiziko garrantzia dute, hauetatik jasoko baitugu arrakasta izateko beharrezko dugun neska eredua: balore maskulinoak dauzkan emakumea (konpetitiboa, independentea, iniziatibaduna, gogorra, hausarta, razionala), emakume enpresaria, sexia, sensuala...

Modu berean, lan munduan neska gazteok prekarietate espezifikoa bizi dugu. Emakume gazteok ezkutuko lan merkatuan, zaintza lanetan edota zerbitzu sektore prekarioenetan aritzen gara bereziki. Langabezia eta aldi baterako kontratuak dira gure eguneroko ogia. Etxebizitza eskuratzeko ezintasunak independentzia pertsonala eskuratzeko garaia atzeratu du, honek bizi ereduen eta pertsonalitatearen eraikuntzan duen eragin ukaezinarekin.

Bizi eredu zehatza inposatzen zaigu. Gizonek desira gaitezen prestatu behar dugu gure gorputza (estereotipoak), eta gure gorputzaren jabe ez garen unetik, ez daukagu askapen sexualik. Non dago gure sexualitatea benetako askatasunez adierazi zein bizitzeko eskubidea? Eredu heterosexualak soilik eskeintzen dizkigute, bikote banaezin eta perfektuaren ideia salduz, gure printze urdina aurkitu behar dugula azpimarratuz.

Gazteon artean ditugun harremanak ez dira parekideak, zelan azaldu daiteke bestela indarkeria sexistak duen iraunkortasuna? Gazteoi transmititzen dizkiguten balioen ondorioz, botere harreman hierarkiko hauek elikatu egiten ditugu.

Finean, patriarkatuak bere biziraupena mantentzeko sexuen araberako rolak mantendu behar ditu, emakumeoi eremu ekonomiko, politiko eta ideologikoan dagokigun parte hartzea zapalduz.

Borroka honetan, antolakuntza eredu ezberdinetan aktibatuta gaude, neskez osatutako taldetan edota talde mistoetan. Ezin dugu ahaztu hala ere, gure asanblada edo taldeak ez direla gizartetik isolatutako guneak. Hau eraldatzeko lanean bagabiltza ere, maiz kritikatzen ditugun jarrerak birproduzitzen ditugu gure borroka esparruetan, generoari buruzko eztabaidak gerorako utzi ohi ditugu eta gure kolektiboetan gertatzen diren egoera ez parekideak identifikatzea kosta egiten zaigu, kasualitatera edo partaideon izaerara egotziz.

Honen aurrean jendartea eraldatu behar dugu. Bizi eredu eta harreman berriak eraikitzea beharrezkoa da! Euskal Herria feminista bat eraikitze bidean antola gaitezen! Emakume gazteon aktibazioa eta aliantza beharrezkoa da kontzientzia feminista zabaltzeko, dinamikak sortzeko… Azken batean, zapalkuntzari aurre egiteko.

Denon esku dago gure esparruak askatzea autokritika eginez eta kontzientzia feminista sustatuz! Horrela soilik lortuko dugu egoera iraultzea! Emakume gazteak aintzindari papera jokatu behar dugu, aldaketan subjetu aktibo izan behar dugu!

Nori egiten dio mesede sexu bereizkeriak?

Honi aurre egiteak komeni ahal zaio sistemari?

Berdin hezten bagaituzte emakumeoi eta gizonei, zergatik erahiltzen dira emakumeak?

Noizbait zure burua erreprimitu duzu dagoen eredua jarraitzeagatik?

Sentitu al duzu noizbait zure hitza gizonezko batena baino gutxiago baloratua izan dela?

Zure inguruan diskriminazio egoerak ikusi dituzu? Erantzuteko gai sentitu zara?

Zer balore dira zabaldu beharrekoak?

Nola lortuko dugu, egungo emakume gazteak, klabe feministan lan egitea?

Nola landuko dugu, “berdintasunean” jaio garenok, kontzientzia feminista?

Emakume gazteon eskubideak bermatzeko, nola jarriko ditugu martxan dinamika ezberdinak?

Egoera eraldatze bidean has gaitezen buruari eragiten! Egin dezagun galdera hauen hausnarketa guztion artean!